logotipo

img_google
John Whitechapel
John Whitechapel pirataren abenturak
Acerca de
Ongietorriak nire pirata untzira.Ni eta nire tripulazioa zuen aginduetara. John Whitechapel.
Sindicación
 
Bon Appétit


- Egunon, Gotzon ezta ?
- Bai, hala naiz.
- Ni Karmelo naiz, jatetxeko arduraduna.
- Urte askotan.
- Beno, goazen lokala ikustera eta bien bitartean zure betebeharrak zeintzu diren esango dizut.
- Ondo da.
Jatetxeko sarrera utzi eta sukalderantz jo zuten Karmelo aurretik zioala, zerbitzuak erabiltzen zituen bi orridun ateak gurutzatuaz, western-etako saloietan moduan, ia ia Gotzonek muturraz ateen joan etorria geldiaraziz.
-Lehengo orduan Angelek, hau nagusia da, uzten dituen haragi paketeak berak dioen moduan tratatu eta banandu behar dituzu. Oharrak oso argiak izaten dira, piperbeltzaz ondu edo esnetan sartu hogei bat minututan okela xamurrago gera dadin e.a.
-Nik ez dakit ordea zenbat edo zela…
- Lasai, den dena du kontrolpean eta berak azalduko dizu goilarakada bat den edo zenbat gramo diren beharrezko bakoitzetik. Hori bai, ez gramo bat gora ez gramo bat behera. Zehatza izan behar duzu.

Sukaldean zaudela, beltzez goitik behera jantzita zegoen andra nagusi bat sartu zen. Ez zuen metro t´erdi luzeraz neurtuko. Hezurra eta azala besterik ez zen. Edertasunaren prototipoa izango litzateke, Adolfo Dominguez-en "Ximurra edertasunaren adierazgarri da" esaldiak pisurik baleuka. Norbaitek barruak zurrupatu balizkio bezalaxe, guk gaztetan izotzezko gozotegietako flashak ustutzen genituen moduan, zurrut egin eta huts ponpak bagina, hutstasun osoa plastikoan eragin araziz. Ilea motots batean kokotean batua zuen. Matusalen bizirik belego, haren izebarenbat litzateke.
-Egunon Zorione andrea.- esan zion Karmelok andreari.
Andreak ez zuen erantzun, bioi begirada azkar bat bota zien bere begi txikiez eta sukaldea utzi zuen harakin laban bat eskuartean zuelarik.
- Zorione andrea da. Angelen arreba. Dexente ikusiko duzu hemendik. Nagusiak hemen ondoan duen ehorztetxean egiten du lan. Batzutan jendez gainezka gaudenean laguntzera etortzen da baina oso urritan.
Halere beti ikusiko duzu harantza-honantza, ez du sekula deskantzurik hartzen.
-Eta hildakoak… hor ondoan dituzte ? - galdetu zuen Gotzonek txistua irensten.
- Jajaja, lasai hoiek ez dute ezer egiterik jadanik. Bai motel, duela pare bat urte Angelek lokala erosi eta bi negozioak muntatu zituen. Haseeran jatetxea muntatzea zen bere asmo bakarra baina herritarrak, ehorzketa zerbitzu bila, inguruko herrira ateratzen zirela konturatu zenean eta jatetxea muntatzeko metroak soberan zituela kontutan izanik, ba hori, biak muntatu eta nola gainera. Ehorzketa negozioa borobilla da, beti dituzu bezeroak. Gainera azken urteetako moda jarraituaz, gero eta erraustearen aldeko jende gehiago dago, lurperatzearena iraganeko ohitura zaharra bihurtu delarik. Garbia, merkea eta erosoa. Eta jatetxeaz zer esan, bi urte hauetan izan duen diru sarrerarekin lana uzteko moduan egongo da jadanik. Beti lepo dugu lokala. Leku kuriosoa, garbia eta atsegina da eta inguruan ez dago guk ateratako jakien kalidadea eta prezioa duen inor.
Horregatik ematen dio hainbeste garrantsia nagusiak haragiaren tratamenduari, berak pertsonalki egiten ditu erosketak, haragi piezak zatikatu eta berak erabakitzen du, zer zati okela pikatua egiteko edo kalitatearen arabera zertarako erabili puxka bakoitza.
Jakin dezazula, guretik estimatuena gure albondiga erreak direla, plantxan egindakoak. Ez dago inguru guztian guk prestatutakoari itzala egiten dionik.
-Zer dira hoiek ?-galdetu zuen Gotzonek parrilla ondoan ilaran zeuden poto batzuei begiratuz.
-Plantxan egindako albondigen errautsak gordetzeko erabiltzen ditugun ontziak dira. Angelek beti esaten digu, "holako errautsa, halako albondiga". Egunero egindako errauts guztia batu eta ontzi hoietan sartzen da. Behin errautsa untzietan dagoela, ondo itxi eta trapuaz kanpokaldea ederki baino hobeto garbitu eta hortxe uzten ditugu, gauean Angelek hartu eta aztertu ditzan, beti kalitatea hobetzeko asmotan. Garbitasuna oso garrantsitsua da. Hortan ere oso exigentea da. Garbitasuna berarentzat biziteko era bat da, erlijio bat dela esan genezake.
-Tira ez dirudi zaila denik.- esan zuen Gotzonek.
-Zuk bi gauza hoiek izan buruan, alde batetik okelaren tratamendua berak dioen bezela egitea eta bestetik errautsaren untziak patena bezain garbiak mantentzea, hortik aurrera suertatzen diren gauzak egin, zaborra atera, barrakoei lagundu eta horrelakoak. Galderaren bat ?
-Zein egunetan libratzen dut ?
-Ez dago aurretik jarritako egunik. Baina ez kezkatu, batzutan aste guztian egun bat bera ere ez duzu hartzen eta bestetan bi egun segidan ematen dizkizu.
-Eta hori ?
-Lanaren arabera. Okela kanpotik ekartzen du, Argentinatik uste dut, eta batzutan jende asko etorri delako edo eta lehen gaiaz urri gabiltzalako, daukaguna eman eta itxi egiten dugu.
-Tipo legala dirudi ez ?
-Oso ondo portatzen da gurekin, lan askorekin gabiltzan egunetan etxera eramateko okela pakete batzu prestatzen dizkigu. Nahiz eta itxuraz hotza eta lehorra dirudien arren, eta ixila, zeren oso ixila da, tipo jatorra da. Lan asko ez dugun egunetan Zaharren Egoitzara joaten da lagunen bisitan eta ezin duzu imagina ere egin, zer kalte egiten dion eta nola sufritzen duen, bezperan bisitatu eta gau berean hiltzen direnean bere lagunak. Ondorengo bi egunetan lorik egin ezinda ibiltzen da eta lanean aritzen da gau osoan zehar. Nik uste guztiaz ahaztutzeko egiten duela. Gainera pentsa, berak bezperan bisitatutako laguna, zer eta gero hurrengo egunean bere ehorztegiko mahaian ikusteak, asko inpresionatu behar du, ez ?
-Bai, baina ez dut pentsatzerik ere nahi.
-Eta bere lagunak hain dira nagusi… lehenago edo beranduago heltzen zaigu denoi ordua.
- Hala da bai…
-Bueno ba Gotzon ekin diezaiogun lanari, hartu hor ondoan dituzun zabor poltsa hoiek eta erama itzazu kanpoko edukiontzira. Bukatutakoan jatetxe sarreran dauden idazkuneri metala-garbitzaileaz pasadatxo bat eman.
- Han dauden biei ?
-Bai.

Zabor poltsak eskuetan zituela, jatetxetik atera behar zela idazkunetan jartzen zuena irakurtzen hasi zen:

" Ongi etorriak zuena den etxe hontara" zioen lehengoak.
"Materia ez da desagertzen, bilakatu egiten da" azken urteetan, etxeko arau edo lema dena.
 
No